Erlijio

4-JAINKOAREN ERREINUAREN PROFETA
Jesusek basamortua uzten du. 28. Urtea da, hogeita hamabi urte inguru ditu. Zuzenean Galileara joaten da, bihotza irakiten darama. Oso ongi daki zer nahi duen: Lurra “sutan” jarriko du Jainkoaren erreinua igorriz.

Profeta ibiltaria. Jesus ez da bere Nazareteko etxean geldituko, Galileako inguruan dagoen Kafarnaun herrian bizitzen jarriko da, Simon eta Andresen etxean, Bautistaren inguruan ezagutu dituen bi anai.
Baliteke Jesusek herri hori aukeratzea ongi komunikatua dagoelako bai Galileakin bai aldameneko herriekin. Hala ere Jesus ez da bertan luzaro geldituko, hiri nagusiak saihestuz inguruko herrixketan pausatuko da; laku inguruan dauden herriak bisitatuko ditu: Magdala, Korozain, Betsaida; Galilea beheko herriak: Nazaret, Kana, Nain; Galilea aldamenekoak ere bai: Tiro, Sidon, Zesarea de Filipo, Dekapolis. Badirudi jarrera hau ez dela kasuala, ongi pentsatutako estrategia baizik. Baserritar hauek arameoz mintzatzen dira, eta beraien artean gordetzen da garbien Israelgo tradizio erlijiosoa. Bada beste arrazoi bat ere, are garrantzitsuagoa, Galileako herrixka hauetan pobrezia oso zabaldua dago, bertan dira benetako zapalketa pairatzen dutenak. Eta Jesusen aburuz Jaungoikoaren erreinua zapalduak diren herri behartsu hauetatik hasi behar da eraikitzen.

Jesusen jarrera ibiltari honek erakusten digu sistematik at zegoen gizona zela, ez du soldatarik, ez du etxerik ezta lurrik ere, ez du zergalarien aurrean erantzun beharrik, ez du bere poltsikoetan Zesarren txanponik… ibiltari izate horrek argi uzten du Jaungoikoaren erreinuak ez duela botere gunerik, ez da inperioaren pare zeinak Erroman duen aginte nagusia.

Jainkoaren erreinuarekiko pasioa. Jesusek ez du doktrina erlijioso bat erakusten entzuleek ongi ikas dezaten, baizik eta pozez hartu beharko luketen gertakari batez mintzatzen zatzaizkie. (Jesusek ebanjelio sinoptikoetan 120 aldiz aipatzen du “Jainkoaren erreinua” eta bi aldiz soilik “eliza”.) Jesusek ez du arau eta moral berria azaltzen, bere helburua Jaungoikoa nolakoa den eta zein jarrera duen ulertzen laguntzea da.

Jesusek behin eta berriz Jainkoaren erreinuaz hitz egiten du, zertan datzan azaldu gabe; ustekabean harrapatuko ditu erreinu hori nola iritsiko den argitzen hasten denean.

Antzinako nahia. “Jainkoaren erreinua” adiera gutxitan irakur dezakegu Itun Zaharrean, Jesus izango da maiztasun batekin erabiltzen hasiko dena. Ez zuen bestelako adiera hoberik aurkitu sinesten zuen hura adierazteko.

Jainkoak Israel Egiptoren morrontzapetik askatu zuen herri askea izan zedin. Anai moduan partekatu zezaten lurra oparitu zien. Israel ez zen bestelako herriak bezalakoa izango, ez zen bertan esklaborik izango, alargunei eta umezurtzei ez zitzaien gehiegikeriarik egingo, atzerritarrei errukia izango zitzaien. Hala eta guztiz ere, profeten esanari entzungor eginez, erregeen botereenganako faboritismoa, behartsuen esplotazioa, injustiziak, era guztietako gehiegikeriak… Israel herria hondamendira eraman zuten. Ondorioa Babilonian izan zuten erbestea izan zen. Non zegoen Jaungoikoa, Israel herriaren erregea? Profetek ez zuten esperantzarik galdu, Jainkoak goratuko zituen berriro ere eta esklabutzatik askatuko.

Itxaron biziz zegoen herriaren erdian.. Israel herriaren egoera are zailagoa gertatu zen Alejandro Handiaren eta ondoren erromatar inperioaren inbasioekin. Ez zen orduan profetarik ahoa irekiko zuenik. Aldiz idazle batzuk esperantza bizirik iraunaraziko zuten. Ameslari-iragarle diren idazle hauen ikuspegia beldurgarria eta era berean itxaropentsua da. Mundua galbideratua dago, gaizkia da errege, usteldua dago… Jaungoikoak katastroferen baten bidez mundu hau suntsitu eta berria eraikiko du. Idazle apokaliptikoak ziren hauek.
Zaila da Jesusek eta Galileako nekazariek idazki horiek ezagutzea, Qumran bezalako monasterio kultuetan soilik irakurtzen baitziren.
(Idazki hauek K.a. II. Urtean sortu eta K.o. I urtean idazteari utziko zaizkio. Ezagunetarikoa Danielen liburua da Biblian sartu zutelarik. Beste guztiei “apokrifoak” deitzen zaie,hau da Bibliatik kanpo gelditzen direnak.)

Jainkoa bertan da jada.. Jesusek aho zabalik utzi zituen guztiak “Jaungoikoaren erreinua bertan da jada” ziurtasun guztiz zabaldu zuenean. Baina nola zitekeen? Non zegoen Jaungoikoaren erreinua? Non ikus zezaketen Jaungoikoa pagano haiek suntsitzen eta justizia Israelgo herrian zabaltzen? Jesusi maiz galdetu arren bere erantzuna harrigarria gertatzen zen: Jaungoikoaren erreinua ez da modu ikusgarrian azalduko, bere etorrera beste modu batera, beste ikuspegi batetik begiratu behar dugu, azken batean Jaungoikoaren erreinua ZUEN artean dago jada. Jesusentzat Jaungoikoaren erreinua ez da barnekoia ez da norbanakoarena; gizakiaren barnean eta kanpoan dagoena da, Jaungoikoaren erreinuaren harrera norbanakoaren barnean hasi eta kanpoaldean garatzen da, gaizkia menderatzen den heinean. ERALDAKETA da.

Berririk onena.. Jaungoikoaren etorrera ona da. Ez datorkigu bere erreinua inposatzera, errukia baizik.(“splanjnizomai” da erabiltzen den aditza, zera esan nahi du: erraiak mintzen zaizkiola jendearen sufrimendua ikustean). Bere ardura jendea sufrikariotik eta basa bihurtzen dituen horretatik askatzea da. Horregatik Jesus sufritzen ari diren alde jartzen da, gaizkiaren aurka, Jaungoikoaren erreinuan ez baitago tokirik hartarako, erreinua horretan datza: pozik eta duin bizitzen uzten ez duen horietatik askatzean. Jaungoikoa errukia da. Jaungoikoak ez du inor sufritzen ikusi nahi, ezta gaiztoak ere, horregatik bere ontasunak ez du mugarik. Hau da Jesusen Jaungoikoa, jada gure artean dagoena.

Jesusen berbaldiak herriaren gustuko ziren, hori zen entzun nahi zutena. Jaungoikoa beraietaz arduratzen da. Jesusen mezuak poza sortzen du herrian.
Harrigarria da Jesusek ez diola Jaungoikoari “errege” deitzen, “Aita” baizik.

Jainkoa, bizitzaren adiskide.. Inork ez du zalantzarik, Jesusek aurkezten zuen Jaungoikoaren erreinua jende guztientzat oso hurbilekoa zen, zerbait zehatza eta ona zen. Jesusentzako lehena jendearen bizitza da eta ez erlijioa. Eta hori da hain zuzen jendeak beragan ikusten duena, beraienganako ardura duela eta ez erlijio araudiak betetzen eta errespetatzen dituzten edo ez.

Jesusen ekimen guztiak gizarte osasuntsuago bat lortzearren bideratuak daude. Erlijio jarrera patologikoen (legalismoa, gogorkeria, justizia gabekoari kultua) aurka azaltzen da. Ahaleginak egiten ditu elkarbizitza justuago eta solidarioago baten alde; barkamena eskaintzen die guztiz erruduntasunean hondoratuak daudenei; bizitzak edo gizarteak gaizki tratatu dituen horiek guztiak hartzen ditu bere babesean; beldurrean eta ziurtasun ezean bizi diren guztiak askatu nahi ditu Jaungoikoaren konfiantzaren bidez. Sendatu, gaizkiaregandik askatu, etsipenetik piztu, erlijioa berritu, gizarte atseginagoa, maitagarriagoa, gozoagoa eraiki nahi du; hori baita bidea Jaungoikoaren erreinura hurbiltzeko.

Behartsuek zortea dute.. Jesusek ez du inor baztertzen. Baina berri ona guztiei zabaldu arren, ez dute guztiek era berean entzuten, guztiak sartuko dira Jaungoikoaren erreinuan baina ez modu berean. Ez ditu ilusio faltsuetan murgildu nahi, duintasuna berreskuratzera animatzen ditu.

Egoera zailean bizi irauten duten familiak, ohorea eta lurrak ez galtzearren borrokatzen diren jendeak, gaixotasunak eta eriak mehatxatutako haurrak, mesprezaturiko eskale eta prostitutak, gutxieneko duintasuna lapurtzen zaien gaixoei eta malapartatuei, erlijioak eta gizarteak alboratutako lepradunak, aberats hiritar gutxi batzuen mesprezupean bizi diren herrixkak, etorkizun hobe baten esperantzarik gabe irauten diren guztiak. Zergatik Jaungoikoaren erreinua berri ona da hauentzako guztientzako? Zergatik izan behar dira hauek guztiak pribilegiatuak? Ez al da Jaungoikoa neutrala? Behartsuak beste guztiak baino hobeak al dira? Jaungoikoa beraien alde jartzen bada, ez da merezi dutelako, behar dutelako baizik. Ez da erreinurik izango, guztiengan justiziarik egiten ez bada. Jaungoikoak inork babesten ez dituen horiek guztiak babesten ditu.

Hau da hain zuzen Israelgo herriak historikoki sinetsi duena, herria babestuko duen errege bat, ez besteak baino hobeak direlako, babestuak izatea behar dutelako baizik.

Gauzak aldatu beharrean daude.. Nola gauza zitekeen Jaungoikoaren erreinua? Bide bakarra Jaungoikoarekin sinaturiko aliantzara itzultzea zen.
Horretarako batzuen iritziz bide bakarra erromatarrak bidaltzea zen . Qumramekoen ustetan aldiz ezinezkoa zitekeen giro ustel hartan ezer berria eraikitzea, horregatik basamortura itzuli eta bereizturiko elkartea eratu behar zen. Fariseoentzako berriz bide bakarra paganoengandik urrunduz garbitasunean zegoen.

Jesusek ez zuen inoiz estrategia politiko-erlijiosorik izan Jaungoikoaren erreinua eraikitzeko. Kontua ez da soilik erlijiosoa, gizartea eraldatu behar bada konpromiso politikoa eta soziala eskatzen du.

Jesusek “Jaungoikoaren erreinua” adiera aukeratzen duenean hiztegi politikoa erabiltzen ari da zeinak errezeloak sortuko dituen erromatar agintariengan. Azken batean garai hartako inperioa bakarra erromatar inperioa baitzen. Erromako enperadorea zen justizia eta bakea ziurtatzen zuena zerga garestiren truke. Zertan zebilen Jesus inperio berri batez mintzatzen?
Jesusek ez du soilik Jaungoikoaren erreinua oztopatzen duen guztiaren aurka hitz egiten, bizi estilo batera animatzen du.

Zergak ziren bizilagunen arteko arazo larrienetarikoa. Mundu guztiak eskatzen zion aldamenekoari mailegu txikien ondorioz zor zion ordainketa. Jesusek elkarren arteko barkamen eske iristen da: “…Barkatu gure zorrak guk ere gure zordunei barkatzen diogunez gero…”
Nola edo hala jaungoikoaren erreinuaren etorrerak justizia soziala eskatzen du. Hori da Jesusen mezua.

Hoberena iristear dago.. Jaungoikoaren erreinua iritsi da , indarrez eragiten ari bada ere ezeren hutsa da Galilean soma daitekeena. Askoz ere gehiago da bai Jesusek eta bai Israelgo herriak itxaroten ari direna.
Bi oihu, bi nahi izan dira kristau tradizioan gorde direnak: “Aita, Santu izan bedi zure izena” eta “etor bedi zure erreinua.” Aitak errespetarazi behar du bere izena, bere boterea gizartean azalduz, berak soilik ahal du gizartea eraldatu, ez beste inork, guztien Aita bezala azalduz guztien bizimodua aldatuz.

  1. Aún no hay comentarios.
  1. No trackbacks yet.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s

A %d blogueros les gusta esto: